Natur ingurunea

Aralarko baserria Sakanan dago (Nafarroa). Hango natur ingurunea estrategikoa da, eta Iruñetik hara 20 kilometro daude, Donostiatik 60 eta Bilbotik 140.

Sakana  Aralar mendiaren  eta Urbasa-Andia Natur Parkearen artean dago, eta 306 kilometro koadroko eremua hartzen du gutxi gorabehera. Arakil ibaiak zeharkatzen du eskualdea, eta pagadiak eta hariztiak nagusi dira hango mendietan, Beriainen (San Donato) eta Trinitatean, besteak beste.

Eskualdeak hiru esparru historiko hartzen ditu: Burunda, Aranatz eta Arakil. Hona hemen hango udalerri eta kontzeju nagusiak: Altsasu, Uharte-Arakil, Irurtzun, Lakuntza, Bakaiku, Arbizu eta Olazti. Herri horietan ohitura zaharrak, historia eta artea ez ezik, antzinako etxeak ere aurkituko dituzu. Etxe horien izkinetan eta leihoetan harlandu sendoak daude, eta fatxadetan armarri dotoreak. Gainera, herriek aukera ederra ematen digute deskantsatu, bertako gastronomiaz gozatu, asteroko azoketan artisautza produktuak erosi, eta paisaia zoragarrietan mendi-ibiliak egiteko.

Sakanan ibilbidea hasteko, onena da ibarreko turismo bulegora joatea. Duela gutxi zaharberritu duten lokomotora batean dago bulegoa, betidanik eskualdea trenbideari lotuta egon baita.

Ikustekoa da Sakana, han aurkituko baititugu paisaia zoragarriak, baserri dotoreak, eliza erromaniko ederrak —Egiarretan Santiago Itxasperri dago, kanpai-horma sendoa duena—, gastronomia aberatsa, festa bihurtu diren ohiturak eta zerbitzu ugari. Horrelakoa da Sakanaren muina. Irurtzundik Gasteizera doan A-10 autobideari jarraitzen dio ibarrak. Iparraldean eta hegoaldean Aralar mendia eta Urbasa-Andiako Natur Parkea ditu babes, hurrenez hurren. Bi paisaiek txango ugari eskaintzen dizkiete mendizaleei.